Energia burujabetzarantz coopfundingean parte hartu!

 Errekaleor Bizirik autogestioan eta komunitate bizitzan oinarritzen den proiektua da. Gentrifikazio eta etxebizitzen espekulaziotik berreskuratu dugun Gasteizko auzoan, egun, 150 pertsona bizi gara.

Bertan, gaur egungo sistema indibidualista eta kapitalistari alternatiba eraikitzen dihardugu lanean. Asanblada orokorretan oinarritzen dugu gure antolakuntza, bertan proiektuaren ardatz nagusiak marrazten ditugularik. Auzoan sortzen diren proiektu ezberdinak koordinatzen ditugu, gure espazioak biziberrituz. Gure oinarriak autogestioa, elikadura burujabetza, feminismoa, euskara, harremanen horizontaltasuna eta kultura askea dira. Kontzertu irekiak, pelikulak, hitzaldi anitzak, arte erakustaldiak eta bestelako eskaintzak ditugu gaztetxean, zineman eta auzoko beste espazioetan.

Hainbat hektareako baratza daukagu non uzta auzokideen artean banatzen den. Horrez gain, okindegi bat ere badugu, auzokide eta Gasteizko jendeari ogia banatzeko. Euskara klaseak ematen ditugu doan auzoko eta Gasteizko pertsona ezberdinentzat. Denei irekia dagoen frontoiean, pilota partiduak, boxeo entrenamenduak, tela eta akrobazia saioak burutzen ditugu. Bestalde, inprenta bat ere badaukagu orain, herri mugimenduari eskaintza zabalduz, kultura librearen oinarriei loturiko liburu eta argitalpenak inprimatzen ditugu bertan. Entsegu lokal bat ere eraiki dugu Gasteizko eta auzoko taldeek doan entsaiatzeko aukera izan dezaten. Honela jarraitzen dugu Errekalor Bizirik elikatzen duten hainbat proiektu burutzen.

 

Energia Burujabetza

Helburu bakartzat hazkunde ekonomikoa duen sisteman sartuak gaude. Eta honek, energia kontsumo etengabea eskatzen du. Erregai fosilak ustiatzeari utzi ezin diogun bitartean, petrolio konbentzionala bere produkzioaren gorengo mailara iritsi da. Ikatz eta gasaren kontsumo gailurra hamarkada gutxi barru iritsiko da. Uranioarena ere bai. Lurrazalaren muga fisiko eta biologikoetara hurbiltzen ari gara, mundo mailako ekosistema suntsituz, zeinaren adierazle nagusia aldaketa klimatikoa den. Krisi honek sintoma eta izen ezberdinak ditu (energetikoa, ekologikoa, giza arlokoa, zainketa krisia…) baina gaixotasuna beti da bera: kapitalismoa.

Errekaleorren beste bizi eredu baten alde egiten dugu lan. Erabili eta botatzeko ohiturak barneraturik ditugun munduan, autogestioaren izenean, ez diogu gure auzoa biziberritze eta eraikitzeari utzi. Burujabetza energetikorantz garamatzan bidea zabaltzeko ordua heldu da. Izan ere, Errekaleorren eguzkiak beti argitzen gaitu! Gure helburua lortzeko 550 eguzki plaka inguru jarri nahi ditugu auzoko 150 biztanleren beharrak asetzeko, gure baliabide komunak indartzen ditugun bitartean.

Modu komunitario batean egingo dugu, horrekin esan nahi dugu, Errekaleor Bizirik proiektuko parte garen guztiontzat kolektiboa izango dela instalazioa, etxebizitza bloke bakoitzean instalazio indibidualak jarri beharrean. Gure apustua eguzki plakak jarriko diren lekua zentralizatzea da. Zentraltxo bat edukiko genuke energia produkzio eta kontsumoa kontrolatzeko, eta hortik, produzituriko energia banatuko genuke. Honekin, Euskal Herri mailan energetikoki isolaturiko espazio handiena izatea lortuko genuke. Auzo berriztagarria nahi dugu. Aldaketa ereduan sinesten dugu. Lagunduko diguzu gure ametsak betetzen?

Jarraian dagoen irudian instalazioaren xehetasunak ikus daitezke:

Instalazioa erderaz

Gardentasun Txostena

[Oharra: ordainketa transferentzia bitartez egitekotan, datuekin jaso beharreko emaila SPAM karpetara heldu zaizu seguruenik]

Bildutako dirua gure auzoa energia berriztagarrien bidez burujabe bilakatzera bideratuko da. Horretarako beharko ditugu:

-20 inbertsore 380Vcd-230Vac – 5000€
-6 VFD de 7,5 Kw – 2600€
-Arduino osatua eta programatua – 100€
-156 bateria ontzi PZS 375 Ah C5 (142 Kw) – 27.000€
-550 eguzki plaka 90 Wp – 30.000€
-Askotariko material elektrikoa (kableak,…) – 5.000€

-Sorgailua – 10.000€
-Eraikuntazarako materiala eta plakentzako egitura – 4.000€
-Trebatutako talde teknikoa – 4.500€
-Grua alokairua – 3.000€
-Aurreikusi gabekoak – 5.000€
-Sarietatik eratorritako gastuak – 3.000€

Lortutako diru extra energia sistemaren mantenura bideratuko da.

Info +

Web orria: www.errekaleorbizirik.org

Facebook: Errekaleor Bizirik

Twitter: @errekaleor – Errekaleor Bizirik

Youtube: Errekaleor Bizirik kanala

e-posta: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.