Eguzki plakekin hasi gara

  

 

   Eguzki plakak instalatzen hasi gara Errekaleorren! Gogor aritu gara lanean azken hilabeteetan, energia instalazioaren diseinua fintzen eta beharrezko guztia lortzen, eta jadanik lehenengo eguzki plakak instalatzen ari gara hegoaldera begiratzen duen frontoiko paretan.

    Behin instalazio orokorra amaituta 70 KW-ko ekoizpena izango du, eta sistema guztiz autonomoa izango da. Guztira 270 plaka instalatuko dira, eta bakoitzak 260 W produzitu ditzake bere maximoan. Eguzki plaka guztiak bere lekuan kokatu ondoren, energia hori biltzeko zirkuitoa osatuko dugu, bateria sistema handi batekin eta argindarra amankomuneko guneetara eta etxeetara bidaltzeko inbersoreekin.

    Lana dugu oraindik aurretik, baina gogotsu gaude; handia zen geure buruari jarri genion erronka, eta helburua lortzetik oso gertu gaude: Errekaleor Euskal Herriko irla energetiko handiena bilakatzea. Udaletxeak indarrez inposatu zigun iluntasunak 6 hilabete beteko ditu laster, eta hau da gure erantzuna. Jendearen babesa eta elkartasuna izan dira energia burujabetzarako bidean jauzi izugarri hau ematea ahalbidetu dutenak, izan ere, ia 110.000 euro lortu genituen ekainean abiatutako crowfunding kanpainari esker. Errekaleor bizirik eta argitsu mantentzea jende ugariren nahia dela argi gelditu zen beste behin ere.